XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKAL HERRIKO BERTSOLARIAK

Lehena, bertsoaren barne prozesu erritmikoa da; bigarrena, azken errima, puntu bakoitzaren oinak edo hoskideak alegia.

Bertsoaren prozesu erritmikoa, oin-kopuruan eta konbinazioan oinarritzen da.

Bertsolariak, aipatu prozesu horren muntaia bizkorra melodian barneratuz osatzen du, musikaren erritmoak eraman dezan utziz, horrek markatzen bait dio bertsoen barne-prozesu erritmikoa.

Normala den bezala, prozesu horrek erritmoaren garapen sakona suposatzen du.

Bertsolariak, bere bertsoak tokatzen zaion edozein konpas edo erritmotara egokitzeko gai izan behar du, bapatean, era irreflexiboan eta axolagabeki.

Hortaz, behar-beharrezkoa da aldez aurretik bertsolariak erritmoaren zentzua oso landua izatea.

Melodia eta musika, inprobisatzerakoan funtsezko lagungarriak dira bertsolariarentzat.

Eta seguraski, melodiaren laguntzarik ezean, ez litzateke inprobisatzeko gai izango.

Errima edo hoskidetasuna da bertsolaritzaren inprobisazio-teknikaren barnean interesgarriena eta interes gehien pizten duena.

Puntu horretan, erriman alegia, ezin da inkonszientzia, axolagabekeria eta bapatekotasunari buruz hitz egin, bertsolariak eginkizun estu horretan kualitate guztiak aplikatu behar bait ditu.

Une horretan, bertsolariak bapatean lau hitz aukeratu behar ditu errimatzen dutenak gero bertsoan dagokien tokian sartzeko, azkena delarik hitz edo oinik zorrotzena, egokiena eta entzulegoaren irribarrea edo txalorik beroenak sortuko dituena.

Punturik zorrotzena azkena jarriz egiten den bertsoaren muntaia hori hain garrantzi handikoa da, non gainontzeko hiru puntuen errima edo hoskidetasuna ahapaldi edo bertsoaren azken puntu horren menpe dagoen.

Horrela bada, inprobisatzaileak buruan aurrena sortu behar duena bertsoaren azken puntua da.

Ez da ahaztu behar elkarren aurkako bertso-saio batean, lau errimen muntaia guzti hori azken erriman oinarrituta egin behar dutela; segundutako gorabehera da; izan ere, lehen bertsolariak bere bertsoa bota orduko bigarrenak erantzun egin behar bait dio.

Prozesu guzti hori, etengabe egindako ariketen emaitza da eta baita bertsolarigaiak berez duen joera psikologikoaren fruitu ere.

Entrenamenduari esker, bertsolariak mota guztietako oin- zerrenda handi bat sortzen du.

Errimarik errezenak eta erabilienak honako hauexek dira: -ea, -ia, -ean, -ian, -oa, -ua, -oan, - uan...; eta bakan edo arraroenak: -ana, -ona, -una, -aña, -iña, -oña, -uña, -ela, -ola, -atza, -otza, -are, -ere, -on, -un etabar.

Zerrenda horretatik, unean uneko bizkortasunaz, beharrezko hoskideak hartuko ditu eta bertsoaren hasieratik aplikatu; beti ere, nagusiena den amaierako puntuarekiko jarraipen logikoa zainduz.

Lotura logiko hori eta azkenengo puntuarekiko lehen hiru puntuak prestatzea dira elkarren aurkako bertso-saioetan gehien baloratzen direnak.

Dena den, inprobisatzaile guztiek ez diote erabat jarraitzen prozedura horri.

Batzu, aipatu teknikari jarraitu gabe, bertsoa besterik gabe kantatzera jotzen dute eta bertsoa lehen puntuko errimarekin amaitu.